Gerezi denbora

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 1999, Inazio Mujika Iraola

© Azala eta diseinua: 1999, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C, 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 84–88669–83–6

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-142-0

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-141-3

Legezko Gordailua: S.S. 1656/05

GEREZI DENBORA

Kantatuko dugunean, gerezi denbora

Urretxindor bitxi, zozo zirtolari

Festan ibiliko dira guztiak!

Damatxoek, zoro-haizez burua

Galaiek, baiki, eguzki-begi bihotza!

Kantatuko dugunean, gerezi denbora

Zozo zirtolariak, orduan bai ederra txinta.

Labur da, baina, gerezi denbora.

Jean Baptiste Clément, 1866

1

Karmen nire gainean zangalatrau jarrita, gora eta behera, eta ni uhurika ari nintzaiola, sentitu nuen ate-hotsa aurrena, txirrinarena gero, ahots batena hurrena, dena batera geroago: “Zabaldu!”. Ipurmasailetatik indartsuago heldu nion Karmeni. “Txirrina”, abisatu nion nik arnasestuka. “Bai, txirrin”, erantzun zidan jauzika, eta, ipurmasailak estutzea ezproi sartzea izan balitz bezala, bizkorrago ekin zion zamalkatzeari. “Banator!!!”.

Gauaren erdian amets gaiztotan puskatzen esnatu izan banintz bezala sentitu nintzen. Jaiki, haztamuka galtzazpiak bilatu, eta haiek eskuan hartuta, haztamuka berriz ere eta bidean aurkitzen nuen guztiarekin estropezuka, ate aldera egin nuen lasterka: “Banator!”. Ate ondoan galtzazpiak jantzi, eta txirrina berriz: “Zabaldu, Andres!”.

—Nor da?

—“Heste-luze” bat…

“Ezin liteke”, pentsatu nuen neure artean, arratsaldeko enkontruak susmo beltzenak burura ekarrita, eta atea zabaldu nuen. Han zegoen bera, barre-azala ezpainetan. Bat-batean ur-putzu hotz batera erori izan banintz bezain nahasturik sentitu nintzen. “Jantzi azkar”, esan zidan; eta nik hankartera eraman nituen eskuak, hankartea galtzazpiz ongi estalia banuen ere.

—Zer behar du? —galdetu nion halako posturan barregarri, haserre izan nahi, eta izua besterik erakusten ez zuen tonuaz.

—Hi baino talentu handiagoko bat beharko duzue niri hesteak ateratzeko!

Ez zen arranguraz ari, lasai eta irribarrez baizik.

—Hori esateko etorri al da? Tira, esan du ba… Orain, gabon… —Atea ixten saiatu nintzen.

Hankaz eragotzi zidan saioa.

“Nor da, konpañero?”, entzun zen orduan Karmenen ahotsa logelatik.

—Ezer ez; lagun bat —esan nuen nik.

—Lagun apaiz bat, konpañera! —esan zuen don Romanek, oina atearen bidean traban jarrita eta lepoa logela aldera luzaturik.

Ordurako logelako atean zegoen Karmen, maindire hutsez bularrak osorik estaltzen ez zituela.

—Apaiz bat? —galdetu zuen Karmenek harrituta.

—Bai, hala deitzen genionan eskolan: Apaiza —nik, urduri.

Hori besterik ez zitzaidan bururatu.

—Goitizen sinpatikoa, ez zain iruditzen, konpañera? —esan zion irribarrez don Romanek—. Orain Hesteluze ere deitzen zidaten batzuek… —Niri begira esan zuen “batzuek”, hitza markatu nahiz bezala.

Apaiza, Hesteluze… Kaka amabirjinari! Horiek ez dituk izenak libertario batentzat! Ezeztu egingo ditiagu horiek guztiak, irabazten dugun Egun Handian!

—Hoa logelara, Karmen. Berehala joango naun ni.

—Osasuna, konpañero! —eta ukabila jaso zuen Karmenek, logelara sartu eta atea itxi aurretik.

Orduan konturatu nintzen, gauaren erdian amets gaiztotan puskatzen esnatu izan banintz bezala, atean zegoela oraindik ere don Roman eta izotz-putzu batean sartuta nengoela pixka baterako.

Sukaldera sarrarazi nuen, eta galtzen bila joan nintzen.

—Hondamendia ekarri nahi dit berorrek, don Roman —esan nion, aulkia seinalaturik eta galtzak janzten ari nintzela, dena batera egin nahi, eta orekari ezin eutsirik.

Keinu batez ukatu zuen aulkia hark, eta “jantzi azkar!” esan zidan berriz, “ezin diagu denborarik alferrik galdu!”.

—Denbora alferrik galdu, zertan?

—Bagoazak!, ea hire bekatu handi horiek garbitzen ditugun. Ederki kostatuko zaiguk baina!

—Nik ez dut bekaturik garbitzeko! —hasi nintzaion oilartzen.

Sukaldeko mahaiaren tiraderatik labana hartu eta eskura eman zidan.

—Hemen daukak labana, eta hemen barruan hesteak, badakik zer egin behar duan! —eta alkandora zabaldu zuen, sabelaren parean.

Aspaldi ez nuen kale-jantzian ikusi don Roman. Bitxi egin zitzaidan aurren-aurrenetik haren figura segaila kale-jantzian ikustea, aspaldi ez eta, arratsalde hartan, Zazpi Kaleko Sabigain tabernan ikusi nuenetik. Ez nintzen gogoratu ere egiten nolako itxura dotorea ageri zuen sotanarik gabe.

—Ez nuen hori esan nahi, don Roman. Behartu egin naute. Berorrek ikusi du! —hasi nintzen, labana mahai gainean utzi eta desenkusatzen.

—Ez, hik ez huen esan nahi! —Alkandora lotzen hasi zen berriro—. Hik ez daukak potrorik. Esateko, bai; egiteko, ez!

—Zer nahi du nik egitea? —esan nion, begirada zoruko lauzetan iltzatuta.

—Donostiara goazak! Orain!

—Donostiara? —Begiak jaso nituen bet-betan—. Zer galdu zait niri Donostian?

—Galdu ez. Irabazi egingo duk: damutzeko eta biziberritzeko aukera bat.

—Ez naiz ezertaz damu, eta biziberrituta nago ni dagoeneko. CNTkoa naiz orain… —atera zitzaidan harro, isilune esanahiz bete baten ondoren.

—Bai, eta lehen Luistarren kongregaziokoa. Eta katixima-irakasle herrian, eta akolito, eta Begoñako Amatxoren gurtzaile…

Isilago hitz egiteko adierazi nion keinuz.

Zer ote zegoen ba Donostian horren garrantzi handikoa, eta Valladolideko Artzapezpikua askatu beharra. “Obixpo bat?”. Obispoa ezetz, artzapezpikua, eta euskalduna gainera. Kotxintxinakoa balitz ere, nori bururatzen zaio. Preso zeukatela CNTko ziegetan, Donostian. Urtero bezala, udaldia Donostian igarotzeko asmoz etorri, eta, Oreja medikuaren erietxean bihotzeko arazotxo bat zaintzen ari zela, bertan harrapatu omen zuen gerrak. Handik gutxira atxilo hartu zutela nire laguntxoek, horrela esan zidan: “hire laguntxoek”. “Suerte txarra”, esan nion nik. Asko sentitzen nuela, baina ezin nuela ezer egin. Gure gazte--garaian elkarrekin egindako ibilerengatik besterik ez bazen, berarekin joateko. Ez gazte--garaiko ibilerengatik, ez mariasantiximarengatik ni Bilbotik mugitu…

—Orduan…

—Orduan, zer? Aurrera… —eta sukaldeko leihoa zabaldu nuen, gandorra gorri, oilartuta erabat—. Esan, esan, ume-garaian Luistar izan nintzela, edo akolito, belebeltz batena. Horiek iraganeko kontuak dira! Zuek, belebeltzok, inbutuz sartutako ipuinak!

—Beharbada, horko logela horretan dagoen zozo zuriari jakitea gustatuko litzaiokeenak, hala ere.

Eta logela aldera joateko imintzioa egin zuen. “Konpañera!”, egin zuen garrasi. Gandorra zuritu zitzaidan bet-betan. Leihoa itxi eta ukondotik heldu nion, eta isiltzeko esan, Jainkoarren isiltzeko!

—Hara! Gogoratu egiten zaik orduan Jainkoa noiz edo noiz! Izan ere —esan zuen ironiaz—, noiz utzi huen Comillasko apaizgaitegia? Orain dela hiru urte? Meza Berria emateko bezperetan! Jakina, ume-kontuak…

Karmen agertu zen, kulerotan eta bularrak agerian, sukaldean.

—Zer behar duzue?

—Ezer ez, Karmen. Kafe bat nahi zinan don… zera, Hesteluzek.

—A, hori al zen! Hor daukazue, ba… goiko armairuan —eta atzera logela aldera joan zen—. Ez zenuten ba pentsatuko neuk egingo nizuenik!

—Lasai, Karmen, geuk egingo dinagu.

Armairutik atxikoria atera eta kafea prestatzen hasi nintzen.

—Ni ez noa inora! —esan nion ahapeka, irmotasunik gabe.

—Orduan neu joango nauk.

—Nahi duena egin beza.

—Baina ez Donostiara. Non duzue egoitza? Zazpi Kaleko taberna haren ondoan, ezta? Akaso nire hesteek emango ditek hi ere esekitzeko adina!

2

Arratsalde hartan, Zazpi Kaleko Sabigainen izanak ginen. Egoitzaren ondoko tabernan. Bilera bukatu berria eta botila bat ardo beltzen inguruan denok eserita. Fructuoso zebilen beroen. Bileran atera zen gaia: lehendik ere bagenuela eskarmentua, eta infiltratuak egon zitezkeela organizazioan; santujale asko. Niri begiratzen zidan hori esaten ari zela. Ez dakit zer zuen nire kontra. Edo beharbada bai. Beharbada, ezer askorik ez zekiela nire iraganari buruz. Hura, berriz, hamalau urte bete zituenez gero omen zen libertario. Komenentziazko militante asko omen zebilen, haizea nora karneta hara egiten zuena, eta haizea aldatzen bazen organizazioak pagatuko zuela: militante libertario zintzoek.

Hizpidea, beste askotan bezala, gerra hasi berritan Bilbon bolo-bolo ibili zen gertakari batek sortu zuen. Elkar hartuta omen zebiltzan parrokia batean bi apaiz. Aldare azpian omen zeukaten egina arma- eta lehergailu-gordailua. Batak egunero-egunero antolatzen omen zuen hileta-elizkizunen bat. Hilkutxan armak sartu eta kanposantuan ehortzi eta gero, falangista-talde batek gauez joan, eta zulotik jasotzen omen zituen armak. Beste apaizak, berriz, elizako zereginetatik libratuta, FAIkoen arropak jantzi, eta beste auzo batean ari omen zen auzo hartako FAIkoen egoitzan infiltratuta, hango jendearen eta instalazioen berri falangistei pasatzen. Atentatu bat ari ziren antolatzen egoitza hartan.

Fructuosok salatu zuen azpijokoa. Hainbeste hileta-elizkizun ikusi eta susmo txarra hartuta, hilkutxa zabaltzeko eskatu zion halako batean apaizari. Hark, berriz, ez zuela zabaldu nahi, eta inguruan bildu zitzaizkion EAJko batzuek ere gogor egin omen zioten, ea nork emana zion hilkutxa hura zabaltzeko aginpidea. Fructuosok, eskua pistolaren zorrora eraman, eta hantxe zeukala hark aginpidea, eta zabaltzeko. Zabaldu zuten azkenean, eta orduan azaleratu zen simaur guztia. Apaiza atxilotu, eta haren bidez atxilotu zuten azpikeriaz ari zen gezurrezko milizianoa ere; eta, falangistek ihes egin bazuten ere, haien azpiegitura guztia geratu zen deuseztuta.

Harro zegoen Fructuoso ekintza hartaz, eta antzeko ekintzen gose agertzen zen beti; garaile sentitzen zen, eta harrotasunez kontatzen zuen nola FAIkoen esku utzi zituen bi apaizak, nahi zutena egin zezaten haiekin. FAIkoek Pagasarriko baso batera eraman, eta ostia pila bat eman omen zieten jatera. Ostiak ahoan ezin irentsirik zeuzkatela, bi tiroz akabatu zituzten hantxe bertan apaizak, eta kartel bana jarri zieten lepotik zintzilik: “murieron por empacho de hostias”.

Handik aurrera, obsesio bihurtu zitzaion Fructuosori “santujale” infiltratuak bazter guztietan bilatzea. Hobe zela barrabas-belarra bilatu, eta zuztar-zuztarretik ateratzea, artoa galtzen ikusi, eta negar egitea baino. Nekazaritzako hizkuntza maite zuen Fructuosok; ez bera nekazari zelako, nekazariak hurbilarazi nahi zituelako baizik. Hala esaten zuen, behintzat. “Hemen inguruan behar ditiagu nekazariak. Bestela, abertzale jebo horiengana edo karlista txapelgorriengana inguratuko dituk eta! Basoko arbolak ere, argia ikusten duen lekura egiten dik”. Eta arbola haiek gure argi aldera erakartzea omen genuen xede nagusi.

Amancio ez zen iritzi berekoa. Jende buruduna behar zen haren iritziz, ikasketaz-eta ongi prestatua eta libertarioen doktrinaren marka sakon errotua izango zuena. Ongi aukeratutako liburu batek —Kropotkinen edozeinek, esate baterako— gehiago zezakeela inon diren dinamita-pila guztiek baino. Bizizalea zen Amancio, bestela. Bizitza tantaka, xortaka edo borborka, zetorren bezala gozatzearen aldeko suharra. Trintxerpen jaio zen, Donostia ondoan. Gurasoak, Galiziako etorkinak. Oso gazterik joan zen Frantziara, Bilbon huelga batean parte hartu zuela, eta inork lanik eskaini nahi ez ziolako, eta Parisen ibili zen, egunez inprimeria batean linotipista eta gauez ikasketak egiten. Bilbora bueltan eta gerra hasita, gure taldea osatu zenean, zerbait ikasketa egina zuela esan zuenean, ordea, idazkaritza-kontuen zaintzan jarri zuen berehala Fructuosok.

Fructuosok osatu zuen, izan ere, Bilboko gure taldea. Euskaldun hutsez osatu ere. Los Vascos deitzen ziguten, hain zuzen, gainerako kideek. Gazteagotan, gizartearen aurrerapenerako oztopo zela-eta, euskararen kontrako amorratua agertzen zen Fructuoso; baina, nekazariak hurbilarazi behar zituelako ustea sendotu ahala, gero eta gehiago jo zuen amarengandik zetorkion hizkuntza erabiltzera, ordurako aski herdoildua bazuen ere. Gustatu edo gustatu ez, nekazariei beren hizkuntzan egin behar zitzaien.

Bost lagun ginen guztira: Amancio, Jetru, Karmen, Fructuoso eta ni neu. Beste bat ere ibili zen sartzekotan, Salamankan estudiatzen zebilen gazte bat, baina eragotzi egin zion Fructuosok. Harentzat ederki osatuta omen geunden estudiantez. Zer iraultza-klase egingo genuen noski estudiante-koadrila belaxka bat eskutik hartuta. Eta Frantzian ikasitakoak, gainera. Pixoihalak aldatzen pasatuko genuela iraultzarako behar--beharrekoa genuen denbora. Eta Amanciori begiratzen zion orduan, norengatik ari zen duda izpirik geratuko balitz ere. Estudianteak hiru gauza zituela buruan: larrua jo, larrua jo eta larrua jo.

Fructuosok berak egingo omen gintuen libertario benetako, inoren aurrean ez lotsatzeko moduko ale bikain. Hasteko, ba omen zen gure artean nahikoa birao esaten ez zuenik. Eta zer zen ba libertario bat, biraorik esaten ez bazuen, sakratuenaren kontrako hitzik ateratzen ez bazuen. Deus ez. Mahats makatza. Santujale infiltratuak harrapatzeko bilabide aproposa erakutsi nahi zigula. Gu denok leziatzeko bidea. Ariketak egin behar genituela. Formazio-lana. Ez al zen hori Amancio behin eta berriz eskatzen ari zena.

—Remigio —deitu zion tabernariari—, atera ezak ardoa suelto. Bultzatu egiten ditik-eta ardoak biraoak!

Karmenek atera zuen barrez lehen hitza.

—Nik pixa egingo diat San Nikolaseko ur bedeinkatuaren ontzira, hartara santujaleek nire pixaz egin dezaten aitaren!

Algara polita sortu zuen ateraldiak, eta Karmenek, harro, musu eman zidan jostarin. Fructuosok, ordea, ondo zegoela, baina ez zela nahikoa horrekin. Gogorrago jo behar zela, haritza botatzeko ez zela labana aski. Amanciok orduan berak idiarena joko zuela eta kopoirik dibinoena beteko zuela erreberoz, ostia likidoak apaizen hortzak zurituko zituela eta.

Lehen irribarrea atera zion Fructuosori Amancioren ateraldiak.

—Hori ez duk gogorra! Hori nik ere edango nikek gustura, apaiz izan gabe ere —bota zuen Amancioren altzoan eserita zegoen neskak, Jetruk.

—Esan dizuet ba nik zer duen estudiante jendeak buruan… Gogorrago behar du zer edo zer…

—Bota ezak ba heuk —Amanciok, ezer ez zuela ongi egiten eta nazkatuta.

—Nik kaka egingo diat amabirjinaren altzoan, umeak huraxe jan dezan!